2012-01-12

TRANSANTARTIKA 2011

Naturgas/BBK Transantartika 2011
“Gogorra izan da, hasieratik amaierara arte”
55 egun behar izan dituzte Juan Vallejo, Mikel Zabaltza eta Alberto Iñurrategik Antartika zeharkatzeko, horretarako, kometen laguntza baino izan ez dutela. Mendigoizale euskaldunak Herkules Badian ziren atzo hegazkinaren zain, eta bertatik egin zituzten aurreneko adierazpenak.
Isei Barbero / Argazkiak:  BAT / 2012ko urtarrilak 10, asteartea

300 (id: 1130250)Kometen laguntzarekin baino ez, Antartika puntatik puntara zeharkatu ostean, Naturgas/BBK Transantartika 2011 espedizioko kideek abentura honen inguruko aurreneko balorazioa egin dute.  Juan Vallejo izan zen atzo -astelehena- Herkules Badiatik adierazpenak egin zituena, bertan baitzeuden etxera bueltatu aurretik Union Glacier basera eramango dien hegazkinaren zain.

Juan Vallejo, Mikel Zabaltzak eta Alberto Iñurrategik 55 egun behar izan dituzte zeharkaldi hau egiteko, eta bidean era guztietako zailtasunei egin behar izan dizkiete aurre.  Batzuetan haize ezaren ondorioz kanpatu edota leretatik arrastaka ibili behar izan dira, eta beste batzuetan honen gehiegizko abiadura sekulako arriskua suposatu izan du Naturgas/BBK Transantartika 2011 espedizioko kideentzat. 

3.400 kilometroetako zatirik gehiena baldintza oso gogorretan egin behar izan dugu, eta lehenengo eguna izan da salbuespen bakarra, egun horretan elurraren egoera ona baitzen”, zioen Vallejok.  Izan ere, lurzoruaren egoera izan da mendigoizale euskaldunen buruhausterik handiena, sastrugi direlakoak eta pitzadurak nonahi aurkitu baitituzte.  Baldintza klimatologiko oso gogorrekin ere egin dute topo espedizioko kideek, egun batzuetan termometroa zeroz azpiko 45 graduetara ere iritsi baita.  “Hotza espero genuen, baino ez horrenbestekoa”, esan du mendigoizale gasteiztarrak.

Abentura honen gogortasunaz jabetzeko, espedizioko kideen bitakora koadernoari begiradatxo bat ematea besterik ez da egin behar.  Zentzu honetan, abenturak iraun dituen 55 egunetatik 8etan ezin izan dute kilometro bakar bat ere aurreratu.  Dena den, beste 14 jardunaldietan 100 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egitea lortu zuten, eta marka guztiak urtarrilaren 3an hautsi zituzten, egun horretan 180 kilometroko mugaraino heldu baitziren.


Zatirik zailena

Mendigoizale euskaldunek 44 jardunaldi behar izan dituzte Ozeano Atlantikoko itsasertzean dagoen Novolazarevskaya base errusiarra eta Amundsen-Scot iparamerikarraren -Hego Poloa geografikoki finkatzen duena-  arteko 2.230 kilometroak egiteko.  Hilabete eta erdiaren bueltan Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltzak 2.500 metrotako altitudea gainditu behar izan zuten, itsas mailatik Plateau meseta antartikoraino, horretarako haizearen laguntza oso eskasa izan zela. 

23 eguneko ibilaldiaren ostean, abenduaren 8an baino ez zuten lortu 100 kilometroko muga egun bakarrean gainditzea.  “Okerreko aurreikuspenekin etorri ginen Groenlandiako abenturaren ostean, hemen baldintzak askoz ere gogorragoak izan baitira”, onartu du Juan Vallejok.

Egun horietan, hain zuzen, izan zuten lanik zailena mendigoizale euskaldunek, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere.  Euren hitzetan jardunaldiak “amaiezinak” ziren, esfortzuak ez zuen emaitzarik ematen, eta oraindik 3.400 kilometro zituzten aurretik.  Hori gutxi balitz, altitudea irabazten zuten heinean, termometroak behera egiten zuen. 

590.kometak (id: 1270658)Kometak izan dira mendigoizale euskaldunen bidelagunak.

Lurzoruaren egoera txarrak, gainera, espedizioaren baitan zuten helburuetako bat alde batera uztea behartu zuen:  Maud Erreginaren Lurraldea bezala ezagutzen den eremuan dauden mendi-tontorrak eskalatzea.  Zentzu honetan, “nahi genuen guztia ezin izan dugu egin, baina helburu nagusia bete dugu, ibilbidearen amaierara heltzea”, esan du Vallejok.


Sastugriak nonahi

Aurretik aipatu bezala, lurzoruaren egoera txarrak izan du abentura honetako protagonismorik handiena.  Espedizio hau prestatzeko baliagarri izan den Groenlandiako zeharkaldian gertatu ez bezala, Antartidan sastrugi direlakoekin egin dute topo Naturgas/BBK Transantartika 2011 espedizioko kideek.  Honako hauek haizeak lurzoruan sortzen dituen zuloak dira, eta lana zailtzeaz gain, mendigoizale euskaldunen bizia arriskuan jartzera ere heldu dira.  “Horrelako baldintzetara ohitu behar izan gara, eta kometak horrelako lurzoruan erabiltzen ikasi”, adierazi du mendigoizale arabarrak.

Pitzadurek ere sustoren bat edo beste eman dizkiete, eta horren adierazgarri azaroaren 21ean gertatutakoa da.  Egun horretan, zeharkaldiari ekin eta bost egunetara, Juan Vallejoren lera elurragatik estalita zegoen 30 metroko pitzadura batera jauzi zen.  Gasteiztarrak pitzaduraren hertzean eutsi behar izan zion bere gerritik zintzilik zegoen 170 kiloko lerari, espedizio-kideek soka moztu arte.  “Bai kilometro eta baita egun asko dira, eta tarte horretan era guztietako egoerei egin behar izaten diezu aurre, horregatik horrelako abentura bat amaitzea sekulako arrakasta da”, dio Vallejok.

590.pitzadura (id: 1185414)Azaroaren 21ean izandako istripua.


Hego Poloa

Dena den, pairatutako zailtasun guztiek merezitako saria eman zieten Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltzari abenduaren 29an, egun horretan Hego Polora heldu baitziren.  11 jardunaldi behar izan zituzten 1.160 kilometro egiteko, puntu hori eta Herkules Badiaren artean dagoen distantzia.  Zeharkaldiaren amaieran Vallejok aditzera eman duenez, “azken unera arte oso gogorra izan zen, haizea egongo zela iragarri baziguten ere ez baitzuen apenas jo, eta horren ondorioz azken kilometroak oinez egin behar izan genituen”. 

Tenperaturari dagokionez, Plateau-tik kostaldera gerturatzen ziren heinean, giroa epeltzen joan zen.  Tarte horretan ere haizea gero eta gogorrago jotzen hasi zen, eta horren adierazgarri 100 kilometroko muga gainditu duten jardunaldien erdia ibilbidearen bigarren zati honen baitan dagoela da.

Orain arte zortzi pertsonek baino ez dute lortu Antartika puntatik puntara zeharkatzea Hego Polotik pasatuz, kometen laguntzarekin baino ez.  Hori dela-eta, behin erronka honen nondik norakoez jabetuta, mendigoizaleak pozez txoratzen ari dira helburua bete ostean.  “Zehatz-mehatz ez genekien zenbat jendek egina zuen espedizio hau, eta guretzako ere ez zen garrantzia datu hori, ibilbideak asko motibatu baitigu hiruroi hasiera hasieratik”, adierazi du Herkules Badiatik Juan Vallejok.

Esan bezala, etxerako bideari ekitea baino ez zaie geratzen mendigoizale euskaldunei, eta honen haria, Vallejok honako hau esan du:  “Antartidatik irtetea lan zaila da, inorena ez den lurraldean baikaude, izotzezko itsaso baten gainean.  Irteerako puntua Union Glacier izeneko basea da, ekialdetik 100 kilometrora kokatuta dago, eta bertara sartzea oso zaila da.  Hori dela-eta, hegazkin txiki batean etorri behar dira gure bila, Punta Arenara joan, eta bertatik ohiko hegazkina hartuko dugu etxera itzultzeko”.

590.vallejo (id: 1166636)Juan Vallejo.

2012-01-04

2012-01-01

URTE BERRI ON!

                                           Gorbeia, abenduaren 31an
URTARRILAREN 15ean DURANGON!!!!