2011-10-26


Alex Txikon: "Helburua lortu izan ez dugun espedizioetan ikasi dut gehien"

2011-10-26 15:00:00 Leire Kortabarria
Harrera bikaina izan zuen urriaren 18na Besaide mendi elkarteak antolatutako Alex Txikon (1982, Lemoa) mendizale eta Al filo de lo imposible saioko kameralariaren emanaldiak. Aurtengo neguko espedizioan "piloa ikasi" duela esan digu.
Edurne Pasabanen proiektuan ibili zara. Hura lortuta, zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Neguan, urtarrilaren 12an, Pakistan aldera irtengo gara ostera, Gasherbrum I mendian aurten egon garen bide berri horretatik  ekitera, ea oraingoan bukatzen dugun. Udaberrian, beharbada, ostera ere Pakistanera itzuliko gara, baina lehenengo buru-belarri gabiltza proiektu honetan.
Orain dela gutxi entrenamendu saio berezia egin zenuen Anboton: goizean aizkorari eragiten, eta arratsaldean kilometro bertikala. Zelan animatu zinen?
Lagunak zebiltzan hori antolatzen eta, saltsa guztietan sartuta nagoela, giro ona zegoela, antolakuntzakoak lagunak ditudala eta askotan zirikatzen zebiltzala eta mendizale ezagun bat bertan egotea ere nahi zutela… Entrenamendu gisa hartu nuen eta eguna gustura bukatu nuen. Hori bai, egurrarekin sekulako lana izan genuen, egurra gogor-gogorra tokatu zitzaigun-eta.
Zero azpitik kameralari ibili zara, eta hori ez da erraza izan behar.
2005a izan zen zinema formatuan grabatzen zuten azkeneko urtea, eta asko ikasi nuen espedizio horretan. Hortik aurrera, ibili naiz ere Makalun 2005ean, 2006an Antartidan, 2008an Manaslun, Kangchenjungan 2009an… Gero eta gehiago sartzen naiz lanean, gustuko dut kameraz ibiltzea, benetan lan polita da eta fruitua hor dago: Gasteizko mendi festibalean bi film aurkezten ditugu, eta bide horretatik nahi dut jarraitu, mendian egindako irteerak erakusten eta jendeak ikus dezan zelako gauzak egiten ditugun.
Ze espediziotan ikasi duzu gehien?
Helburua lortu izan ez dugunetan. Adibidez, Makalun 2005ean, Shisha Pagman 2006an, 2009an Kangchenjungan edo aurtengo neguko espedizioan. Negukoa beste era bateko mendizaletasuna da; ez du zerikusirik udan joatearekin. 2005eko Makalukoan eta aurtengo negukoan ez dugu helburua lortu, eta ikasi, piloa ikasi dut. Tontorra egitea da helburua, baina, ez baduzu lortzen, sekulako eskarmentua izaten duzu, gehiago pentsarazten dizu.
Paraje hartan hain desberdinak dira negua eta uda?
Bai, bai, bai; zuria eta beltza bezala. Udan erraz sartzen gara B kanpamendu batera. Neguan, oso konplikatua da logistikoki, garestiagoa ere bai. Tenperatura aldetik ere oso desberdinak dira: nik sekulako eguraldia izan dut udan, eta badakit neguan zero azpiko 20 gradu-eta izango direla. B kanpamendu bat jartzea ere kosta egiten da, haizea egiten du… eta B kanpamendutik gora, zer esanik ez.
Zuk esandakoa da hauxe: "Tontorragatik burua galtzen dugu".
Bai, horixe!, nik neuk ere bai, eta horren adibide garbia aurten dago: Gasherbrum eta gero K2ra hurbildu ginen, gau bi eman genituen lepoan, eta bigarren gau hori sekulako akatsa izan  zen. Izan ere, gu izan ginen bakarrak lepora heltzen, 4. kanpo horretara, eta gugaz zetorren taldea beheko kanpamenduan zegoen. Bada, hurrengo egunean bertan agertu ziren, eta ikusi buruak zelan jokatzen duen momentu horretan: gu jaisten baginen eurek gailurra egin zezaketen, nahiz eta izan talde bat guk irekitako urratsetik ez zela gai izan guk egin genuen lana egiteko… Azkenean beste gau bat eman genuen 8.000 metrotara, gure bizitza arriskuan ipinita.
Profesional ez izateak zer esan gura du, prestakuntza aldetik?
Nire maila teknikoa zein den garbi daukat. Profesionala izanda, denbora libre gehiago izango nuke, goiz eta arratsaldez entrenatu ahalko nintzateke, irteera gehiago egiteko aukera… Bestalde, aurten etxetik kanpo bost hilabete eman eta gero, beste seitan lan egin behar dut, nire kasuan eraikuntzan, astelehenetik zapatura buru-belarri, eta geratzen den denbora apurra ez da nahikoa. Bestalde, espedizio bakoitza dirutza da: bakoitzeko 20.000 euro, atera kontuak…
Interneten ere bloga daukazu…
Bai, denetarik sartzen dugu. Hori ere egin egin behar da, jendeari jarraitzea gustatzen zaiolako, eta eta garrantzitsua da egiten duguna hemen eta kanpoan ikusteko aukera ematea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario